XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JENTILLEN AROA.

Noiz egin ote zan Euskalerriaren kristauketa?

Galde orrek erantzun ziurrik ez du.

Gaiñera, galde orri erantzuna billatzen asi aurretik, iru arazo argitu bearrean aurkitzen gera:

1ª, Kristautu itzaren zentzua.

2ª, Edestiaren begiak noraiño iristen diran,

eta, 3ª, esan dugun lez, zer Euskalerriz ari geran.

1ª: ¿Zer adierazi nai izaten da kristautu aditza erabiltzen danean?

Kristautasunaren Kerigma edo Lenen Aldarriketa egin zan eguna?

Aurreneko Euskaldun-taldetxoa bataiatu zan unea?

Gotzaiak izendatuz Euskalerrian Elizaren jerarkia ezarri zan urtea?

Euskaldunik geienen kopurua kristau billakatu zan aroa?

Jentiltasunezko oiturak osoki ezereztu ziranekoa?

Azkeneko baldintza ori bete bearra ba'litz Erri bati kristaua deitu aal izateko, Euskalerria oraindik kristautu ez dala, esango bearko genduke.

Ezta beste iñungo Erririk ere!

Nik, liburu ontan, Euskalerrian Euskaldunek Kristo'ren Jainkoari noiz Euskeraz errezatzen asi ote ziran billatu nai nuke.

Eta, Euskaldunek Kristo'ren Jainkoari errezatzen ziardutela noiz Euskalerrian Elizaren jerarkia ezarri zan idoro.

2ª: Edestiaren balioari dagokionez, erreza da erantzuna:

edestiak ez duala Erri oso baten bizitza osoa osorik emateko balio.

Edestiaren balio guztia soilki dokumentuetan arrizko, larrukizko edo beste edozein motako dokumentuetan oiñarritzen bait da.

Dokumentuek, ordea, soilki gertakizun bereizi batzuen berri eman dezaikigute.

Orregaitik, dokumenturik geienak dituan Errian ere dokumentu oiek danak ez dira Erri aren bizitza osoa emateko gauza.

Zergaitik?

Mendeak-zear soilki Errietako gertakizun txit garrantzitsuei eta goitasun arras aundiko gizakume ospetsuei zegozkien dokumentuak bakarrik gorde izan diralako.

Dokumentuek ez dute gizon-emakume txiro landerren eguneroko ariketa apal interesgaberik jaso, eta bein edo bein jaso ba'dituzte ez ditu edestiak aintzakotzat artu, orain arteko edestiak beintzat.